sábado, 15 de marzo de 2008

JAVI RUIZI, AZKEN AGURRA

http://www.batugunea.org/modules/news/article.php?storyid=96

http://www.gara.net/paperezkoa/20080314/67317/eu/Javi/Ruizi/azken/agurra/

JAVI RUIZI, AZKEN AGURRA

Iker Garcia de Eulate Urdangarain Trebiñu Batuko kidea
2008 Martxoaren 14

15/3/2008

Malkoei eutsi ezinik, Trebiñuko lurraldean hegaldia eten duen zauritutako gabiraia datorkit burura. Gabirai horrek, Javi Ruizen esanetan, zauriak sendatzeko egin zuen geldialdia. Alabaina, ez zuen berriz hegan egiterik izan.

Urteetan, inposizioaren, injustiziaren eta kapitalismoaren salaketa bere bizitzaren ardatz bihurtuta, askeago egin zuen bere burua Javik. Hainbat arlotan (ekologia, genero berdintasuna, giza eskubideak…) aritu zen etengabe, duintasunez, bidea erakutsiz eta bidea eginez. Ahalegin horrek askoren kontzientzia suspertzea ekarri zuen.

Mugimendu sindikalean egin zuen lanaren ondorioz, errepresio bortitza sufritu zuen. Besteak beste, 1976ko martxoaren 3an langileen eskubideen alde berarekin batera greban zeuden bost lagunen erailketak modu nabarmenean markatu zuen bere ibilbide politikoa. Hildako langile haien omenez 30 urte geroago egin zen ekitaldi baketsuan, ertzaintzaren kolpe basatiek arrasto latzak utzi zituzten Javiren gorputzean.

Langileen eskubideen aldeko borroka alde batera utzi gabe, Trebiñuko biztanleok pairatzen dugun inposizio administratiboaren aurka mendeetan egindako lanaren lekukoa hartu zuen eta isilarazten saiatu diren herri borondatearen garrasia lau haizetara zabaltzen ahalegindu zen. Deiadar horrek orain hamar urte egindako herri kontsultan izan zuen oihartzuna: kontsulta hartan, %80ko partehartzea izan zen, eta %68k Trebiñu Araban sartzearen aldeko bozka eman zuen. Agintari politikoek herri borondateari muzin egin zioten eta, Trebiñun ezkortasun sentimendua nagusitzen ari zen momentuan, gose grebari ekin zion herritarron borondatea errespetatu zedin, berriz ere bere koherentzia, konpromiso eta eskuzabaltasunaren erakusgarri.

Urteetan gabirai horrek egindako hegaldi neketsua inola ere ez da hutsala izan; aitzitik, haizearen kontrako halako hegaldiak ezinbestekoak dira norbanakoen interesak gailentzen diren sistema injustu honetatik ateratzeko.

Eskerrik asko bestelako mundu batean sinesten dugunon aldetik, egin diguzun ekarpenagatik. Eskerrik asko, Javi, zure ekintzen bidez irakatsi didazunagatik.

Iker Garcia de Eulate Urdangarain

http://www.gara.net/paperezkoa/20080314/67317/eu/Javi/Ruizi/azken/agurra/

No hay comentarios: