HIZKUNTZA-ESKUBIDEEN URRATZEA TREBIÑUN
2007/12/06
Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publiko zein pribatuan erabiltzeko eskubidea Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean aintzatetsita dago. Eskubide horren aitortza Giza Eskubide eta Oinarrizko Askatasunetarako Europar Kontseiluko Hitzarmenaren espiriturik ere ondorioztatzen da.
Testu arauemaile horiek, eskubide zibil eta politikoei dagokienez, zuzenbidezko estatuaren zutabeak finkatu dituzte. Beraz, hizkuntza-eskubideak jasotzen ez dituzten estatuek, eta, jaso arren, hizkuntza-eskubideak bermatzen ez dituztenek, zuzenbidezko estatuaren printzipioen kontra egiten dute.
Europa-eremuari dagokionez, Europar Kontseiluak eskubide hori Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunaren bidez garatu du. Gutun hori Espaniar estatuak onetsi zuen.
Alabaina, berrespena egiterakoan Gutun hori Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Galizian, Katalunian eta Balear irletan baino ez dela aplikagarri erabaki du Espainiar estatuak. Jakina da lurralde-eremu horietan eskualdeetako hizkuntzen urratzea ohikoa dela.
Trebiñun berriz, antza, administratiboki Euskal Autonomia Erkidegotik eta Nafarroatik kanpo gaudela bide, Espainiako ordenamendu juridikoaren arabera, euskaldunok ez dugu inolako hizkuntza-eskubiderik. Trebiñuko euskaldunoi ez zaizkigu hizkuntza-eskubideak aintzatesten, eta, ondorioz, horien urratzeak ez du Espainiako arautegiarekin talka egiten (bai, ordea, Europa mailako eta nazioarteko eskubideen aitortzekin).
Historialariek ahobatez adierazi dute Trebiñuko lurraldeko biztanleen hizkuntza naturala euskara izan dela. Horren isla, besteak beste, Trebiñuko enklabeko toponimia dugu. Historialarien esanetan, gaztelaniaren zabalkundea, elebitasuna eta euskararen gainbehera ez zen bat-batekoa izan eta ez zen uniformeki gauzatu enklabean. Hala ere, badakigu, agiri bidez egiaztatuta dagoelako, XVIII mendearen amaieran oraindik Trebiñun euskaldunak bazeudela.
Eusko Jaurlaritzak egindako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, %13,5 gara euskaldun aktiboak (Trebiñun bizi arren erroldatu gabeak gehituz gero, % 15,5). Euskaldun pasiboak, berriz, beste % 13.
Historialariek Trebiñuko lurraldeko biztanleen hizkuntza naturala euskara izan dela ahobatez adierazi badute ere, eta gaur eguneko hizkuntza errealitateari muzin eginez, Gaztela Leongo Junta Trebiñuko hizkuntza natural bakarra gaztelania delakoan dago. Horrela adierazi zuen 1998an Trebiñuko enklabeko bereizketa saihesteko egin zuen txostenean, eta uste horren arabera jokatu du Trebiñuarren hizkuntza-eskubideak urratuz.
Nabaria da Gaztela Leongo Juntak eta Estatuak bat egin dutela Trebiñuko hizkuntza eskubideak urratzeko; besteak beste, lehenengoak Trebiñuko errealitate soziolinguistikoaren interpretazio xelebrea eginez, eta bigarrenak Trebiñu Gutunaren aplikazio eremutik at kokatuz. Sortu berria den udal gobernuak ere, orain arte behintzat, ez du inolako ekimenik gauzatu eskubide horiek errespetatzeko.
Horiek horrela, hizkuntza eskubideak urratzen dituztenei behingoz demokrata-mozorroak kentzeko garaia heldu da. Izan ere, herri botereek Trebiñuko euskaldunoi indarrean dagoen estatuko arautegiaren babesean hizkuntza-eskubideak zapaltzen dizkigutenean, giza eskubideak urratzen dituzte eta zuzenbidezko estatuaren kontra egiten dute.
Iker Garcia de Eulate Urdangarin
No hay comentarios:
Publicar un comentario