miércoles, 1 de abril de 2009

Araban igaro du eguna gaur Korrikak

http://www.gara.net/azkenak/04/130207/eu/Araban-igaro-du-eguna-gaur-Korrikak

KORRIKA 16

Araban igaro du eguna gaur Korrikak

Ibilbidearen erdia igarota, Korrikak Araban jarraitzen du, eta Bizkaian sartu-irten labur bat egin duen arren, egun osoa Araban igaro du. Bihar goizaldean Nafarroan sartuko da berriro.

01/04/2009 10:36:00

AMURRIO-. Atzo arratsalde-iluntzean Arabako Errioxa zeharkatu zituen Korrikak eta ia uneoro euri txikia izan zuten lagun, baita elur-bustia ere, esaterako Herrerako mendatean (1.100 metro).

Goizaldean, berriz, Trebiñu eta Argantzundik pasa ostean, Izarra aldean iritsi zaio egunsentia lasterketari.

Handik Amurriorantz jo du, eta han harrera beroa egin diote. Aiara eta Laudio zeharkatu ditu ondoren, eta toki horietan ere ehunka lagun bildu dira. Espetxetik atera berria den Iñaki Olaldek eraman du lekukoa Laudion, ikastolako lankide eta ikasleez lagunduta.

Korrikak gero sartu-irten bat egin du Bizkaian, Orozkon hain zuzen ere. Hamaika kilometroko ibilaldia egin ostean, atzera Araban sartu da Korrika, Baranbiotik.

Arratsaldean ere Araban ibili da lekukoa, Zuia, Zigoitia eta Legutio aldean, eta iluntzea eta gaua Lautadan igaroko ditu.

Bihar goizaldean, berriro Nafarroan sartuko da lasterketa, Sakanatik barrena.

Atzo, ibilbidearen erdia bete zuen Korrikak.


No hay comentarios: